Zeintzuk dira hitzaldi on baten ezaugarriak?
'Hitzaldi on bat', interpretazio ikasleen ikuspuntuaren arabera, erabilgarria eta aldi berean interesgarria den hitzaldi bat da: datu eta hiztegi berria ikasteko aukera ematen dizu eta bere egitura bereziari esker interpretazioa lantzea ahalbidetzen du. Zenbait erronka eduki behar ditu, interpretatzeko ezinezkoa izan barik.
Zer egin hitzaldi bat prestatzeko?
-
Aukeratu gai bat. Gustukoa baduzu errazagoa izango da, baina ez harrotu: zure zaletasunaren xehetasun arrotzak azaltzen badituzu, ziurrenik hitzaldia oso zaila izango da.
-
Gaiari buruzko informazio gehiago behar baduzu, ikertu ezazu. Bilatu egunkarietako artikuluak, ikusi dokumental bat, miatu informazio orokorra ospe oneko webgune batean, irakurri liburu bat. Gogoratu zure iturri-materialetako xehetasunak idazten, erabilgarriak izango dira hitzaldia igotzerakoan.
-
Orain erabaki eman nahi duzun mezua. Zure hitzaldiak egitura bat behar du. Gertaeren narrazio bat izango da? Sortu ezazu ba kronologia bat. Argudiatze logiko bat izango da? Sortu ideia desberdinen zerrenda, eskema edota mapa kontzeptual txiki bat. Idatzi sarrera labur bat testuingurua aurkeztuz eta azalduz zergatik erabaki duzun gai hori jorratzea. Amaitu ondorio sendo batekin edota ireki bidea hausnarketarako. Jo www.orcit.eu webgunera hitzaldiak nola idatzi eta egituratzeko xehetasunezko argibideak aurkitzeko. Jendaurrean Hitz Egin atalean Entzumena eta Analisia atalean aholku mordoa aurkituko duzu.
-
Dagoeneko apunte batzuk izan beharko zenituzke orrian: sarrerarako pare bat esaldi, zerrenda txiki bat puntu bakoitzean izenburu batekin, zenbait izen eta zenbaki eta ondoriorako ohartxo batzuk. Zure aurrean goitik-behera idatzitako A4 orri bat edo bi baldin badituzu, hanka hondoraino sartu duzu! Gogoratu, ez duzu idazlan bat idatzi behar, apunte batzuk besterik ez hitz egiten hasterakoan zure oroimenari bultzadatxo bat emateko.
-
Hitzaldia emateko garaia da. Ez ezazu irakurri! Interpreteek ez dute testurik ozen irakurtzen, ez eta hizlari onek ere. Dena den, goiko aholkuak jarraitu badituzu, ez duzu irakurtzeko ezer edukiko: erabili apunteak oinarri gisa hitzaldia modu naturalean eta (ia) bat-batekoan emateko. Sortu begi-kontaktua zure entzuleekin, eta agian zertxobait motelago hitz egin hitzaldia notaketa bidezko esan ostekorako baldin bada.
-
Aurreko guztia irakurri ondoren, argi egon beharko luke politikari baten hitzaldi bat edota egunkariko artikulu bat ozen irakurtzea edota Wikipediatik ateratako paragrafoak oso-osorik irakurtzea ez dela hitzaldi bat ematea. Egile-eskubideak urratzeaz gain, interpretatzeko izugarri aspergarria eta zaila izango da. Mota horretako 'hitzaldiak' interpretatzea gustatzen al zaizu? Beraz, horren ordez, goza itzazu zure aurkezpenak: egin zure hitzaldiak biziak, berriemaileak eta interesgarriak. Eman zure iritzia libreki eta kontatu zure bizitzako gertaerak eta esperientziak. Hala, irakurritako informazio orokorra hobeto barneratuko duzu, asko ikasiko duzu eta hobeto pasako duzu, eta zure ikaskide maiteak zure hitzaldiak interpretatzeko amorratzen egongo dira. Edo gutxienez ez dute 'Kalitate-alerta' botoia sakatuko zure ekarpenen kalitate kaxkarrarengatik!